XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez zen, ez, alferrikakoa izan elkarrizketa hura.

Hurren eguerdiartean heldu zen TXOMIN Dorretxera LOPEren galdez.

Berehala ziren biak, eta giltzak harturik jo zuten ganbarara.

Zenbait pinu zerratu berriak zituztenez, ohol aukera zegoen.

Handiegirik ez zuten behar ordea.

Neurriak zehatzak ziren eta ateratzeko ere, ahalik eta txikiena behar zuten.

Honela bada, ikusi zuten bazter batetan, enborra zerratzen hastean atera ohi den ohol moxtaka hestu samar bat, eta huraxe iruditu zitzaien egokiena.

Bestalde, osabarentzat istimazio gutxikoa izanen zen eta... tira, gaitzerdi!.

Aukera honen ondoren, eta etxetik inork ikus ez zitzan, ganbarako atzeko leihotik behera bota zuten.

Puntaz bota ere, printza ez zedin!.

Aparteko itxura gabe irten ziren, eta geroxeago ohola atze aldean harturik, SOROBURUKO ganbararaino heldu ziren eta hango saietera zahar batetan ezkutatu zuten beren pitxia.

Hori dena egin eta TXOMINek, agindu zuenez, gurpil pirrikadunak inguratu ondoren, gogotik egin zuten lana mutikoteek.

Iaioenek ohola prestatu zuten lehenik.

Gero, PERUk ekarritako ardatzak eta lokarriekin gurpilak ezarri zituzten tinkoki eta gurpilei olio apur bat eman ondoren... prest zegoen tramankulua!.